XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Pippi heroia izango da, aho zabalik utziko ditu Tommy eta Annika auzokoak, baita irakurlea ere.

Hirurogeiko hamarkadan gertatuko zen berritze mugimenduaren lan aitzindarietako bat dugu Pippi Kaltzaluze nobela. Autoritarismoaren kontrako liburu horrek familiaren, eskolaren eta gizartearen balore batzuk jartzen ditu kolokan.

Pippi bakarrik bizi da, familiarik gabe, eskolara joan gabe, eta hala eta guztiz ere heroia da.

Literatura emantzipatzailearen lehenengo lanetakoa dugu Astrid Lindgren-en liburu hori. Baina kritika horiek eginda, gizartearekin horrelako jarrera izanda ere, umorea eta fantasia izango dira egileak darabiltzan armak, Pippik polizia garaitzeko erabiliko dituenak, edo eskolako eta etxe oneko ohiturak hankaz gora botatzeko. Andereñoarekin eskolan duen elkarrizketa da horren adibide argia:

-Ba al dakin... Barkatu. Ba al dakizu oso ondo pasa dudala guzti hau ikusiz? Baina ez dut uste berriro itzuliko naizenik. Ezta Gabonetako oporrengatik ere. Hemen, bateko sagarrak, besteko irlak, sugeak eta horrelako kontu gehiegi daukazue. Burua bueltaka darabilt. Ez zara nirekin haserre egongo, ezta? (Lindgren, 1994: 52-53.)

Argumentazio horrekin ematen dio amaiera Pippik eskolako esperientziari; eskolak hasi diren unetik hitz egiten, bat-bateko erantzun xelebreak botatzen, nonahi eta noiznahi bururatzen zitzaiona egiten ibili ondoren, pazientzia galdu duen andereñoari horrela erantzuten dio Pippik bere logika osoz.

Pippi Kaltzaluze nobela horren ondorengoa da 80 eta 90eko hamarkadetan zabaldu den errealismo kritikoa, nobela horren ondorengoa da, hitz gutxitan, haur eta gazte literatura modernoa.

Erbestea, literaturak irauteko espazioa

Hego Euskal Herrian euskaraz argitaratzeko zailtasunen aurrean, eta erbesteratutako euskaldunentzat nahiz Euskal Herrikoentzat, hainbat liburu idatzi eta plazaratu ziren gure mugetatik at.

Hegoaldean batik bat zeuden zailtasunen aurrean, literaturak erbestean aurkitu zuen beharrezko espazioa. Euskararen kontrako legediaren aurrean, idazleek jasaten zuten errepresioaren aurrean, gure mugetatik kanpo plazaratu ziren zenbait liburu.